LIV TIL DØDEN: AURKEZPEN KONTZERTUA
Abenduaren 27an aurkeztu dugu Liv Til Døden, gure lehen disko luzea, Donostiako Antzoki Zaharrean. Hilabete lehenago sarrera guztiak agortuta zeuden. Lan eta ilusio handiz prestatu dugu aurkezpen kontzertua eta isuritako izerdi tanta bakoitzak merezi izan du. Abesti guztiak jo ditugu lehen aldiz, baita azken hilabeteetan sortutako kantu berriren bat ere. Kontzerturako sarrera erosi duen orok gure musikaz gozatzea izan da helburu nagusia eta hilabeteetako lanaren ardatza. Zentzu guztietan kalitatezko ikuskizuna izatea nahi genuenez, alderdi musikala eta bisuala asko zaindu ditugu. Gainera, diskoan parte hartu duten kolaboratzaile gehienak gonbidatu ditugu oholtzara: Asier Beramendi, Serrulla, Antton Telleria, Jone Laspiur, Ane Negueruela, Garazi Esnaola, Nahikari, Aitor eta Gorka Valcarlos, Ander Zabala etab. Lagun artean sentitzeak horrelako aurkezpen kontzertu batek dakarren urduritasuna baretzen lagundu digu. Gainera, oholtzara irten bezain laster sentitu dugu entzuleen berotasuna; dena emateko prest zeudela erakutsi dute lehen momentutik eta kontzertua Antzoki Zaharra zutik amaitu dugu, Enarak abestia dantzatzen denak batera. Gau ahaztezina izan da, eta hau hasi besterik ez da egin! Behean gaueko argazkiak, Iratxe Etxeandiari eskerrak.